XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SIMONEN AURREKO DEFENTSA
O epaileok, nahiago nuke
istorio hau kontatu beharrik ez banu:
ez naiz ni amodioak kale eta enparantzetan
azaltzea gustoko duten horietakoa, duintasun bariko
emaztekiñoak, maitasun edo min bat hondoaren hondoan
gordetzeko gai ez diren
eta blaga hutsal batean gorpuzturik
usteltzen zaien horietakoa.

Hala ere, beharrezkoa da.
Bizitza edo patua ondare hutsalak
baino zerbait gehiago dut jokoan:
Atenaseko zeru urdina,
bertako kale zaratatsuak, hain maiteak,
bertako tenploen geometria zuria.
Etsairik etsaienari ere
ez nioke nik halako zigorrik jarriko:
zakur baten gisan, hiriaren
inguruan noraezean ibiltzea, sekula sartu gabe.

Ez al diet, bada, beti, eskuzabal
eskaintzak egin jainkoei?
Huts egin al du sekula nire besoak
aberriaren aldeko borrokan? Ez al du akaso
arerioaren haserreak
nire bularraren horma jo?
Esan al dezake beste horrenbeste
nire aurka ari denak?
Begira nola larritzen den,
Corinto, Coronea aipatzen baditut.
Umil, nire erru bakarra
aitortuko dizuet, o epaileok:
amore eman nion maitasunaren balakuari
dagoeneko gaztetasuna
pasiorako aitzakia ez zaidalarik.